lunes, 6 de diciembre de 2010

GENOMA SEKUENTZIA 3.000 EUROREN TRUKE

Gizakiak teknologia berrien arloan ikaragarrizko aurrerapenak egin ditu. Urte batetik bestera lortutako aldaketak eta hobekuntzak ikaragarriak dira. Hurrengo artikulua, giza genoma osoa sekuentziatzea lortu zenetik teknologiak izan dituen aurrerapenei buruzkoa da.  Gaixotasun genetikoak hobeto ulertzeko eta sendabidea aurkitzeko guztiz erabilgarria izango litzateke bakoitzaren genoma ezagutzea. Badirudi, urte batzuen buruan eskuragarri izango dugula.
 
Image 
Giza genoma osoak sekuentziatzeko kostuak behera eta behera jarraitzen du. 2003 urtetik, giza genoma osoa sekuentziatzeak 300 milioi dolarreko kostua zuenetik, prezioak behera egin du etengabe. Aste honetan Kaliforniako (AEB) Complete Genomics enpresak giza genoma osoa 4.400 dolarren (3.000 euro inguru) truke sekuentziatzen duela azaldu berri du Science aldizkarian. Sekuentziazio merke horrek gaixotasunen eragileak diren geneen ikerketari bultzada nabarmena eman diezaike.

Esan bezala, duela sei urte 300 milioi dolar behar ziren giza genoma oso bat sekuentziatzeko. 2007an milioi bat dolarretara murriztua zen prezioa, eta iaz 60.000 dolarren truk lortu zitekeen genoma oso bat. Prezioaren jaitsieraren eragile nagusiak giza genomaren ezaguera handitzea eta milioi askoko inbertsioen ondoriozko teknologia berrien garapena izan dira.

Complete Genomicsek darabilen teknologia azkarra eta erreaktibo gutxi darabilena da. Hasteko, genoma harizpi bakarreko DNA zatietan banatzen da eta  DNA sintetikoz egindako zati ezagunekin konbinatzen dira 400 base inguruko zirkulu txikiak osatzeko. DNA zirkulu bakoitza behin eta berriz kopiatzen da DNA 200 nanometroko pilota bat bilakatu arte. DNA nanopilota horiek banatu egiten dira gero, eta fluoreszentziaz markatutako 10 base luze diren sekuentziak elkartzen zaizkie. Ondoren, ordenagailuko programa batek, sekuentzien arteko gainjarpenak ezagutu eta sekuentzia osoak eratzen ditu.



Teknikaren abantaila nagusia, konpainiak adierazi duenez, nanopiloten teknologiak eragindako erreaktibo kopuruaren jaitsiera eta fluoreszentzia-seinaleen analisien abiadura dira. Teknologia hori erabiliz, konpainia, laster, giza genoma oso bat egun bakar batean sekuentziatzeko gai izango da.

Giza genomaren sekuentziazioan iraultza eragingo du, zalantzarik gabe, teknologia honek. Guztiak perfektua dirudien arren, teknologiak 100.000 baseko errore bat egiten du. Ondorioz, 3.000 milioi base bikote dituen genoma batean 30.000 errore gertatzeko probabilitatea dago. Beraz, oraindik ere bada lekua sekuentziazio-teknologia azkarragoak, merkeagoak eta zehatzagoak sortzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario