domingo, 26 de diciembre de 2010

ZERGATIK BIZI DIRA LUZEAGO EMAKUMEAK?

Emakumeak gizonak baino luzeago bizi direla ez da berria. Egun, batez beste, bospasei urte gehiagoz bizi dira; 85 urteren bueltan dabiltzan sei emakumeren aurrean lau gizonezko aurki genitzake, eta, 100 urteei begira jarriz gero, aldea are nabarmenagoa da. Zergatik, ordea? Azkenaldian indartzen ari diren hipotesien arabera, azalpena gure biologiaren sakonean dago.


Gizonezkoak lehenago hiltzeko joeraren oinarrian askotan aipatu dira, arrazoi gisa, haien lan-jarduera gogor edo estresagarriak. Baina azken urteotan indargabetuz joan da teoria hori, nolabait, emakumeek egun lan-munduan (etxetik kanpo zein barruan) duten presentzia eta ardurak direla eta.

Beste hipotesi baten arabera, emakumeak luzeago bizi dira, gizonek, oro har, joera handiagoa dutelako ohitura osasungaitzak izateko (tabakoa eta alkohola, kasu); elikadura ez dutela horrenbeste zaintzen ere maiz aipatu izan da. Baina teoria horrek badu kontraesanik: besteak beste, emakume erretzaileen kopuruak gora egin du, askok alkohola kontsumitzen dute, eta bada elikadura asko zaintzen ez duenik ere.

Munduko hamar lagun zaharrenetatik
bakar bat baino ez da gizonezkoa
.
 Gainera, luzeago bizi diren arren, zergatik izaten da kaskarragoa emakume adindunen osasuna adin bereko gizonena baino? Eta gainerako animalia gehienetan ere emeen biziraupena hobea izatea kasualitate hutsa al da? Bada, dirudienez, bizimodua eta ohiturak baino harago doan zerbaitetan bilatu behar da horren guztiaren azalpena.


Newcastle Unibertsitateko Tim Kirkwood gerontologo eta irakaslearen ustez, gure unibertso biologikoaren sakonean dago azalpena; bizi-itxaropenari dagokion ezberdintasuna jenero bakoitzaren konposizio genetikoari zor zaiola uste du. Alegia, Kirkwoodek dioenez, gizonezkoen gorputzeko zelulak ez daude genetikoki programatuta hainbeste urtez bizirauteko. Nolabait esatearren, eboluzioaren ikuspegitik “beharrezkoagoak” direlako bizi ohi dira emakumeak luzeago.

ERABILI ETA BOTATZEKO SOMA

Kirkwooden planteamendua Scientific American aldizkariak plazaratu du. Baina ez da berria, haren mamia 1977an azaldu baitzuen egileak, “Teoria del Soma Desechable” (“Erabili eta botatzeko somaren teoria”) izenburupean. Ugaltze-zelulak ez diren organismoko gainerako zelulen multzoa da soma (germenari kontrajarria).

Kirkwooden teoriaren arabera, 
emakumeen organismoa hobeto
 dago prestatuta kalteei aurre 
egiteko, batik bat ugalketaren 
arduradunak haiek direlako.
Gizakia zergatik ez den betierekoa azaltzen du teoria horrek. Bada, germena hilezkorra da (belaunez belaun irauten baitu), eta soma, berriz, “erabili eta botatzekoa”, ezberdina belaunaldiz belaunaldi. Egoki funtzionatu ahal izateko, gure gorputzak etengabeko mantentzea behar du; organismoek eskura dituzten baliabideak erabili behar dituzte bizirauteko eta ugaltzeko. Baina somaren garapenak, mantentze-lanek eta konponketek (zeluletan agertzen diren kalteenak, kasu) energia-kantitate handia eskatzen dute; azkenean, zenbait urteren buruan, pertsona hil egiten den arte. Teoria haren arabera, emakumeen organismoa hobeto dago prestatuta kalteei aurre egiteko, batik bat ugalketaren arduradunak haiek direlako. “Genetikoki, gizona gehiago da `erabili eta botatzeko modukoa´ emakumea baino”.

“Zelulak mantentzen eta konpontzen oso eraginkorrak dira gorputzeko mekanismoak, baina ez perfektuak. Gorputzak akatsak egiten dituelako zahartzen gara —dio Kirkwoodek—. Geneek epe laburrerako ibilgailu bihurtu zituzten gure gorputzak: ibilgailu hori nahiko ondo mantentzen da hazteko eta ugaltzeko, baina ez, ordea, luze irauteko”.

Duela urte batzuk, Kirkwooden laborategian ikusi zuten luzeen bizi diren animaliek sistema hobeak dituztela mantentzeko eta konponketak egiteko. “Azkarragoak dira, edo ihes egitea ahalbidetzen dieten eboluzio-egokitzapenak garatuz joan dira (hegoak, kasu). Era berean, organismoko kalteak emeen zelulek arrenek baino hobeto konpontzen dituztela ere zientifikoki egiaztatuta dago”.
Emakumeen biziraupena
luzeagoa da, baina
 emakume adindunen
osasuna adin bereko
 gizonena.
 

Bere teoria berrestera datoz iaz Japonen egindako ikerlan baten emaitzak ere: gizonen biziraupena laburragoa izatearen “ardura” espermako RasgrF1 genearena izan litekeela ondorioztatu zuten. Bi arratoi amaren material genetikoa baliatuta, bi kume eme sortu zituzten (horretarako, obulu baten DNA eraldatu zuten, espermatozoideek bezala jardun zezaten). Bada, bi arratoi ama haien kumeek ar eta eme baten artekoek baino 186 egun gehiago biziraun zuten.

viernes, 24 de diciembre de 2010

ERDITZEA ZUZENEAN, ERRESONANTZIA BIDEZ

Hona hemen bizitzako une garrantzitsu bati dagokion irudia. Orain arte ez da horrelakorik lortu, horregatik oso interesgarria iruditu zait ondorengo artikulua. Urte batzuren buruan, amek horrelakoak lortzeko aukera izango dutelakoan nago, haurra amaren sabelean dagoenetik erresonantzia bidez irudia izatea ikaragarria iruditzen zait. Hurrengokoa irakurtzea gomendatzen dizuet.



Berlingo Charité Ospitaleko eta Medikuntza Fakultateko ikertzaileek erditze bati jarraipena egin diote, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza erabiliz. Halako zerbait lortzen den lehen aldia da, eta, horretarako, Philips etxearen eskaner berezi bat erabili behar izan dute, amak nahikoa leku zuela eta eroso zegoela bermatzeko. Hain zuzen, bi urte behar izan ditu taldeak eskaner hori garatzeko.
Hala, haurrak erditze-kanala zeharkatzean egiten dituen mugimenduak, haren bihotz-taupadak eta amaren pelbisa ikusi dituzte, prozesu osoan zehar eta xehetasun guztiekin. Helburu nagusia prozesua ondo ezagutzea da, jakiteko zergatik egin behar izaten diren hainbeste zesarea. Izan ere, OMEren arabera zesarea-tasak % 15 baino txikiagoa izan beharko balu ere, leku askotan gainditu egiten da tasa hori. Adibidez, EAEko ospitale publikoetan % 13,23 da, eta, pribatuetan, berriz, % 29,6.

Irudia: Charité Ospitalea

lunes, 6 de diciembre de 2010

GENOMA SEKUENTZIA 3.000 EUROREN TRUKE

Gizakiak teknologia berrien arloan ikaragarrizko aurrerapenak egin ditu. Urte batetik bestera lortutako aldaketak eta hobekuntzak ikaragarriak dira. Hurrengo artikulua, giza genoma osoa sekuentziatzea lortu zenetik teknologiak izan dituen aurrerapenei buruzkoa da.  Gaixotasun genetikoak hobeto ulertzeko eta sendabidea aurkitzeko guztiz erabilgarria izango litzateke bakoitzaren genoma ezagutzea. Badirudi, urte batzuen buruan eskuragarri izango dugula.
 
Image 
Giza genoma osoak sekuentziatzeko kostuak behera eta behera jarraitzen du. 2003 urtetik, giza genoma osoa sekuentziatzeak 300 milioi dolarreko kostua zuenetik, prezioak behera egin du etengabe. Aste honetan Kaliforniako (AEB) Complete Genomics enpresak giza genoma osoa 4.400 dolarren (3.000 euro inguru) truke sekuentziatzen duela azaldu berri du Science aldizkarian. Sekuentziazio merke horrek gaixotasunen eragileak diren geneen ikerketari bultzada nabarmena eman diezaike.

Esan bezala, duela sei urte 300 milioi dolar behar ziren giza genoma oso bat sekuentziatzeko. 2007an milioi bat dolarretara murriztua zen prezioa, eta iaz 60.000 dolarren truk lortu zitekeen genoma oso bat. Prezioaren jaitsieraren eragile nagusiak giza genomaren ezaguera handitzea eta milioi askoko inbertsioen ondoriozko teknologia berrien garapena izan dira.

Complete Genomicsek darabilen teknologia azkarra eta erreaktibo gutxi darabilena da. Hasteko, genoma harizpi bakarreko DNA zatietan banatzen da eta  DNA sintetikoz egindako zati ezagunekin konbinatzen dira 400 base inguruko zirkulu txikiak osatzeko. DNA zirkulu bakoitza behin eta berriz kopiatzen da DNA 200 nanometroko pilota bat bilakatu arte. DNA nanopilota horiek banatu egiten dira gero, eta fluoreszentziaz markatutako 10 base luze diren sekuentziak elkartzen zaizkie. Ondoren, ordenagailuko programa batek, sekuentzien arteko gainjarpenak ezagutu eta sekuentzia osoak eratzen ditu.



Teknikaren abantaila nagusia, konpainiak adierazi duenez, nanopiloten teknologiak eragindako erreaktibo kopuruaren jaitsiera eta fluoreszentzia-seinaleen analisien abiadura dira. Teknologia hori erabiliz, konpainia, laster, giza genoma oso bat egun bakar batean sekuentziatzeko gai izango da.

Giza genomaren sekuentziazioan iraultza eragingo du, zalantzarik gabe, teknologia honek. Guztiak perfektua dirudien arren, teknologiak 100.000 baseko errore bat egiten du. Ondorioz, 3.000 milioi base bikote dituen genoma batean 30.000 errore gertatzeko probabilitatea dago. Beraz, oraindik ere bada lekua sekuentziazio-teknologia azkarragoak, merkeagoak eta zehatzagoak sortzeko.